XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mikel LASARTE EHNEko kidea

Transgenikorik? Ez, eskerrik asko

Izen honekin sortu zen duela 6-8 hilabete kolektibo desberdinez osaturiko plataforma.

Sindikatuak, talde ekologistak, kontsumitzaileen elkarteak eta hirugarren munduko garapenaren alde lanean ari garen taldeek osatzen dugu elkarte berri hau.

Bakoitzak esparru desberdinean lan egin arren, iritzi amankomunak ditugu transgenikoen inguruan.

Izan ere, duda muda ugari sortzen baitute: alergiak eta osasun arazo desberdinak, kutsadura biologikoa, landare eta animalietan erresistentziak...

Aldi berean, produkzio sistema kontrolatzeko bide bat irekitzen dute, multinazional indartsuak baitira aintzindariak produkzio sistema hau bultzatzen.

Aldarrikapenak:

Gure ustetan luzamendu bat aplikatu beharko litzateke ezinbestez, beste lekuetan egiten ari den bezalaxe.

Europan jada aplikatu dira luzamenduak: Frantzian, Austrian, Luxenburgon, Noruegan eta Grezian, esaterako.

Eusko Autonomi Erkidegoan ere debekatuta daude produktu transgenikoak.

Nafarroan ordea, Nekazaritza Sailak ez du ardurarik hartzen kontu honetan eta esperimentazio asko eta asko ari dira egiten transgenikoekin.

Beste alde batetik, etiketatu egoki bat erabat beharrezkoa da, zer jaten dugun ziur jakiteko.

Multinazionalek, ordea, ez dute horrelakorik nahi.

Zergatik ote da, hain onak baldin badira elikagai transgenikoak?

Zertarako erabiltzen dira?

Elikagai transgenikoak manipulazio genetikoaren bitartez lortzen dira, laborategiko teknika konplexuak erabiliz.

Kasu batzuetan landare baten produkzioa haunditzea da helburua, beste batzuetan, berriz, ezaugarri bereziak bilatzen dira, sagarra haundiagoak, edo kolore eta ezaugarri berexikoak.

Zonalde honetan transgenikoen inplantazioa txikia da, izan ere abeltzantza nekazaritza baino garatuago baitago, eta gehienbat bigarren sektoren honetan erabiltzen dira teknika hauek.

Zernahi gisa, beharbada arto transgenikoa aurki genezake zonaldeko soroetan.

Baina hori bai, oso erraza da aziendarentzat erosten dugun pentsuetan elikagai transgenikoak aurkitzea.

Soka luzea dute transgenikoek, guregana ere ailegatzen dena.

Erne egon beharra dago afera honen aurrean, izan ere, kontsumitzaileen osasuna dago jokoan.

Nahiko eskandalu izan dira dagoeneko (dioxinak, hormonak, behi-eroak...) beste baten arriskua gehitzeko.

Guzti honen aitzinean etiketei erreparatzea eta transparentzia eskatzea izugarri inportanteak dira.

Zonalde honetan plantazio transgeniko gutti dago, baina oso erraza da aziendarentzat erosten dugun pentsuetan elikagai transgenikoak aurkitzea.